- Akordioak lankidetzarako esparru egonkor bat ezartzen du, I+G aplikatuko proiektuak garatzeko eta teknologia aurreratuen merkaturatzea bizkortzeko.
- Bi erakundeek hainbat arlotan egingo dute lan batera, besteak beste, Adimen Artifizialean, datu-espazioetan, hizkuntzaren prozesamendu naturalean, ordenagailu bidezko ikusmenean eta AA sistemen ziurtapenean.
- Aliantzak indartu egiten du bi erakundeek punta-puntako ezagutza zientifiko-teknologikoa sektore estrategikoetara transferitzeko duten konpromisoa.
Bilbo, 2026ko uztailaren 21a. – Tekneik eta Vicomtechek lankidetza-esparru akordio bat sinatu dute lankidetza zientifiko eta teknologikorako harreman egonkorra ezartzeko helburuarekin. Harreman horren ardatzak berrikuntza-proiektuak, ikerketa aplikatua eta ezagutzaren transferentziagaratzea da. Aliantzari esker, bi erakundeek gaitasunak bateratu ahal izango dituzte eragin handiko erronka teknologikoei heltzeko eta ekonomiaren funtsezko sektoreetan teknologia berrien ezarpena bizkortzeko.
Akordio honen bitartez, Tekneik berrikuntzarako gaitasuna indartu du Vicomtechekin duen aliantzari esker. Vicomtech Adimen Artifizialean eta teknologia digitaletan erreferentziazko zentro teknologiko nagusietako bat da. Bestalde, Vicomtechek enpresa sareko harremana sendotu du, ezagutzaren transferentzia eta merkatuan benetako aplikazioa duten soluzio berritzaileen garapena sustatuz.
Akordioak hainbat jarduera aurreikusten ditu: ikerketa eta garapen-proiektu bateratuak abian jartzea, berrikuntza-aukerak identifikatzea, ezagutza zientifiko-teknologikoa sortzea, talentu espezializatua erakartzea eta garatzea, bai eta teknologia berrien ezarpena bizkortzea helburu duten nazioarteko eta estatuko ekimenetan parte hartzea ere.
AA aplikatua sustatzeko elkartasuna
Akordioaren lehentasunezko arlo teknologikoa ikerketa aplikatuan eta Adimen Artifizialean oinarritutako soluzioen transferentzian zentratzen da. Horren barruan sartzen dira Data Intelligence, Machine Learning, AA bidezko optimizazioa, Computer Vision, Natural Language Processing (NLP) eta Quantum Machine Learning teknologiak.
Zehaztutako lan-ildoen artean daude hizkuntza-eredu handiak (LLM) eta eredu multimodalak (VLM) egokitzea eta espezializatzea, datuen espazioak eta plataforma digital seguru eta elkarreragingarriak garatzea, AA sistemen azalgarritasuna eta ziurtapena lantzea, eta Adimen Artifizialari buruzko Europako araudiak eragindako arau-garapenaren bilakaeraren jarraipena egitea.
Akordio honen esparruan sustatutako ekimenek, Tekneik hainbat sektoretan eskaintzen dituen gaitasun teknologikoak indartzea izango dute ardatz batez ere, hala nola administrazio publikoan, industrian, energian, mugikortasunean, osasunean, segurtasunean eta zibersegurtasunean.
“Akordio hau urrats garrantzitsua da gure berrikuntza-estrategian, eta gure bezeroei eskaintzen dizkiegun soluzioetan ezagutza zientifiko eta teknologiko onena txertatzeko egiten dugun apustua indartzen du. Vicomtechekin lankidetzan aritzeak aukera emango digu Adimen Artifizialaren arloko gaitasun aurreratuen garapena bizkortzeko, erronka teknologiko berriei heltzeko eta gure enpresarentzat estrategikoak diren sektoreetan balio handiko proiektuak sustatzen jarraitzeko“, adierazi du Jon Barrenak, Tekneiko I+G+b zuzendariak.
Ezagutzaren transferentzia eta berrikuntza
Bi erakundeen arteko lankidetza, proiektu espezifikoen bidez gauzatuko da. Proiektu horietan, ekimen bakoitzera egokitutako helburuak, irismena, baliabideak eta emaitzak ustiatzeko ereduak zehaztuko dira. Era berean, akordioak prestakuntza-jarduerak, talentua sortzeko ekimenak, foro eta kongresu espezializatuetan elkarrekin parte hartzea, eta berrikuntza ezagutarazteko eta sustatzeko jarduerak aurreikusten ditu.
Hasieran lau urteko indarraldia izango du akordioak, gainera, ikertzaileen, espezialista teknologikoen eta negozio-taldeen arteko etengabeko lankidetza sustatzeko lan-esparrua ezartzen du. Horri esker, ezagutzaren transferentzia eraginkorra eta teknologia disruptiboen ezarpena erraztuko dira benetako lan-inguruneetan.
“Tekneirekin dugun lankidetzak agerian uzten du Vicomtechek berrikuntzaren eta transferentzia teknologikoaren eragile gisa duen zeregina. Adimen Artifizialak erakundeak eraldatzeko eta inpaktu ekonomiko eta soziala sortzeko duen potentzialari buruzko ikuspegi bera partekatzen dugu. Akordio honi esker, gaitasun teknologiko berriak garatu ahal izango ditugu elkarrekin, eta ikerketaren emaitzak industriaren eta administrazioen erronka nagusietara hurbildu”, adierazi du
Gorka Varelak, Vicomtecheko Language Technologies arloko Business Development Managerrak.
Aliantza honen bidez, Tekneik eta Vicomtech-ek harreman estrategikoa sendotu dute, berrikuntza sustatzeko, enpresa-lehiakortasuna indartzeko eta eraldaketa digitalaren erronkei erantzuten dieten soluzio teknologiko aurreratuen garapenean laguntzeko.
Tekneiri buruz
Teknei Bilbon egoitza duen teknologiaren sektoreko enpresa liderra da, aholkularitzan, software-garapenean eta IT soluzioetan espezializatua. 2025ean, 150 milioi eurotik gorako fakturazioa izan zuen, eta Espainiako hainbat hiritan ez ezik, Italian, Portugalen, Mexikon, Kolonbian, Perun eta Ameriketako Estatu Batuetan ere badu presentzia. Bankaren, aseguru-sektorearen eta administrazio publikoaren arloetan duen ibilbide sendoari esker, Teknei erreferente bihurtu da berrikuntzan eta bezeroen eraldaketa digitala bultzatzeko soluzioen garapenean. Bere eskaintzak hainbat arlotako proiektuak hartzen ditu barne, besteak beste, Business Automation, Identitate Digitala, Adimen Artifiziala eta datuen kudeaketa eta ustiapena, baita azpiegituren hedapena eta aplikazioen modernizazioa ere.
Vicomtechi buruz
Vicomtech Adimen Artifizialean eta Visual Computing & Interaction arloan espezializatutako zentro teknologikoa da, ikerketa aplikatura eta enpresei zein gizarteari ezagutza transferitzera bideratua. Euskal Herrian du egoitza, eta 25 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du. Vicomtechek soluzio teknologikoak garatzen ditu hainbat arlotan, hala nola industrian, osasunean, mugikortasunean, hizkuntzan, segurtasunean eta energian, besteak beste. Horretarako, lankidetzan aritzen da enpresekin, administrazio publikoekin eta euskal zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sistemako eragileekin.


